Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2013/05/12

Artalekuk ezin izan du igoera ospatu

ESKUBALOIA
BIDASOA IRUN 26-28 PUENTE GENIL
BIDASOA IRUN: Zubiria (3), Gimeno (2), Ugarte (3), Crowley, Leo (13), David Rincón (1), Roberto Álvarez (4), Mouriño (8), Aranburu (1), Aldunate (1), Fernando Rincón  eta  Azkue (1).
PUENTE GENIL: Chirosa (7), Olea, Morales (2), Godoy, De la Sierra (5), Muñoz (3), Campos (3) , Oliva (4), Porras (1), Santiago (4), Cuenca (1), Pozo (5)  eta Chelu Cid (4).
PARTZIALAK: 3-3, 6-7, 8-8, 9-9, 10-13, 12-15, 15-18, 17-20, 19-21, 20-22, 23-25 eta 26-28.

Asobal Ligako atarian gelditu da gaur Bidasoa-Irun. Atzoko urrats handiaren ondoren aukera ezin hobea zuen, baina ezin izan dio denboraldiari amestutako amaiera eman. Partida erabakigarrian, Bidasoa baino gehiago izan da Puente Genil. Esperientzia handiko jokalariak ditu Kordobako taldeak eta horrek eman dio garaipena. Urduritasuna eta nekea hobeto kontrolatu dute kanpokoek eta garaipena eta igoera ospatu dituzte. Pena izan da, baina gauza pozgarri asko ere izan ditu finalak. Aspaldian ez bezala bete dira Artalekuko harmailak, zaleek atsedenik gabe animatu dituzte jokalariak eta Bidasoa Ohorezko Mailako kluba dela erakutsi dute.

Partidaren hasieratik antzeman ahal izan da taldeen arteko aldea. Puente Genilek eraso bakoitzean lortzen zuen gola eta Bidasoak arazo handiak zituen hutsuneak aurkitzeko. Roberto Alvarezek eta Leok mantendu dute erritmoa kanpoko jaurtiketekin. Hamabosgarren minutuan zortzinako berdinketa irudikatzen zuen markagailuak, kantxa gainean nagusi zen berdintasunaren seinale. Hortik aurrera hobeto aritu dira kanpokoak eta hiru goleko abantaila lortu dute atsedenaldirako. Zail zegoen partida, baina irundarrek zaleen babesa zeukaten eta garaipenean sinisten jarraitzen zuten.

Bigarren zatiaren hasieran markagailuan hurbiltzeko ahalegina egin du Bidasoak. Kostatu zaio, baina azkenean aldea murriztea lortu du berrogeita bosgarren minutua baino lehen. 3-0ko partzial bat osatu eta 19-20koa jarri du Bidasoak. Erreakzioak Artalekuren berpiztea ekarri du eta zaleek lagunduta, markagailua berdintzeko jokaldia izan du Bidasoak. Huts egin dute eta Boleak hutsartea eskatu behar izan du. Hurrengo jokaldietan gidoia berbera izan da. Puente Genilek erasoak ahalik eta gehien luzatu ditu, azken unean gola sartuz. Leoren jaurtiketei esker, Bidasoak gol bakarreko desabantaila mantendu ahal izan du, azken bi minutuetan partidak ihes egin dion arte. 25-28ra joan dira kanpokoak eta azken momentuan Gimenok emaitza apaindu badu ere, bukaera lasaia izan du Puente Genilek.

Denboraldiaren hasieran inork ez zuen espero Fernando Bolearen talde gaztea igoera faseko finalera iritsiko zenik. Pentsaezina zena egin dute horiek eta lehiakortasun handia erakutsi dute denboraldian zehar. Klubak lan ona egin du bulegoetan eta harrobian, eta lozorroan zegoen zalegoa esnatu egin da. Irungo eskubaloiak tradizio handia du. Baita etorkizuna ere.


No hay comentarios:

Publicar un comentario