Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/09/17

Elkarrizketa: Asier Aranburu

ASIER ARANBURU:

Ez dut niganako interesik ikusi”

Argazkia: Unai Oiartzun.

Nerbio biziko jokalaria da Asier Aranburu. Nortasun handiko mutila. Maiz altxa arazi ditu zale bidasoarrak bere ezker hegaletik. Baina ez du berriro egingo. Azken urteotako kapitaina galdu du Bidasoa-Irunek. Klubak berandu eman dio taldean jarraitzeko aukera. Eta zaratarik atera gabe, atzeko atetik utzi du Aranburuk Artaleku kiroldegia. Bertan erantzun du elkarrizketa hala ere. Beti izango baita bere etxea.

Minduta dago irundarra, baina etorkizunari begira ari da dagoeneko. Burua tente azaldu du azken asteotan gertatutakoa.

Bi bilera izan nituen Fernando Bolea entrenatzailearekin eta Salva Pombar kirol zuzendariarekin. Nik segitzeko asmoa nuen, eta haiek esan zidaten taldean tokia edukiko nuela.  Ez nuen kontraturik sinatu, baina lasai joan nintzen etxera.

Taldea entrenatzen hasi zen eguna iritsi zen, eta nik ez nuen deirik jaso. Presidentearekin harremanetan jarri nintzen. Berak jakinarazi zidan ez nuela taldean jarraituko. Uztailaren 30ean talde barik gelditu nintzen, lanean edo ikasten hasteko aukerarik gabe.

Azken momentuan taldean segitzeko eskaintza egin zizun klubak. Baina ez zenuen onartu.
Ez zuten ondo jokatu, eta nik hori adierazi nien. Ezezkoa eman ondoren, eskaintza bat egin zidaten. Ondo pentsatu eta gero, Bidasoan ez jarraitzea erabaki nuen. Kirol zuzendaritzaren aldetik ez nuen niganako interesik ikusi. Ez dut uste lau egunetan haien plangintza asko aldatu zenik.

“Lehen egunetan gaizki pasa nuen”

Denbora pasa da, berria barneratu duzu. Zer da orain sentitzen duzuna?
Orain lasaitasuna. Hasierako zalaparta guztia pasa eta gero, jendearen babesa jaso ondoren, libre sentitzen dut nire burua. Lehen egunetan gaizki pasa nuen, baina orain etorkizunari begira nago dagoeneko. Lan mundura bideratzen hasi nahi nuke, eskubaloia erabat utzi gabe.  

Oso gazte zinela egin zenuen debuta Bidasoan, eta urte onak pasa zenituen mendearen hasieran.
Eskubaloiaren krisia hasi aurreko azken txanpa harrapatu nuen. Hemezortzi urterekin egin nuen debuta Asobal Ligan, Julian Ruiz entrenatzailearekin. Gaztea nintzen, baina goi mailan aritu ginen. Europa mailan jokatu genuen, eta ligan seigarren eta zazpigarren postuetan ibili ginen. Asko ikasi nuen.

Beranduago Bidasoaren jaitsiera bizi izan zenuen, baita Ohorezko B Mailako lehen urte haiek. Esperientzia hura gogorra izan zen.
Ohorezko B Mailara jaistea kolpe gogorra izan zen. Hala ere, hurrengo urteak okerragoak izan ziren. Arazo ekonomikoak larritu egin ziren, eta desagertzeko zorian egon zen Bidasoa. Momentu zail horretan, jokalariek  zaleekin bat egin eta kluba bizirik mantentzea lortu genuen. Uste dut ahalegin horri esker hartu duela Bidasoak gorako bidea.

“Ni Artalekura etorriko naiz larunbatetan”

Orain harmailatik ikusi beharko duzu Bidasoa. Artalekuko zale bat gehiago izango zara?
Irunen baldin banago behintzat bai. Lagun handiak ditut Bidasoan, eta nire betiko taldea da. Jendea pasako da, desagertuko da, baina kluba da historian zehar jarraituko duena. Eta ni Artalekura etorriko naiz larunbatero.

Babesa eta animo handiak jaso dituzu egunotan. Zerbait ondo egin duzunaren seinale.
Klubaren aldeko lana egin dudanean, hala nahi nuelako izan da. Ni hona etorri naizen bakoitzean jendea gustura egon zedin saiatu izan naiz. Badirudi horrek bere fruitua eman duela, eta egia da mezu eta animo asko jaso ditudala. Bai eskubaloiaren munduko jendearenak, baita kanpokoak ere. Benetan eskertzekoa da denen laguntza.

IRUNERO aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario