Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/04/17

Itxura duina eman du Bidasoak Ademarren aurka

Berrogeita bost minutuz eutsi diote horiek Leongo taldeari

ESKUBALOIA
BIDASOA-IRUN 24-29 REALE ADEMAR LEÓN
BIDASOA-IRUN: Zubiria (13 geldiketa, gol bat), Ugarte (1), Crowley (1), Díaz de Cerio (1), Källman (2), Vidal (3), Azkue (3). Mindegia, Otegi, D.Rincón (2), Aldunate (1), Aranburu (4), Jauregi (4), Mujika (1).
REALE ADEMAR LEÓN: Llamazares (1 parada), López (3), Carou (2), Castro (5), Carrillo (8), Díez, Dacevic (2). Asanin (8), Mellado, Vejin (3), Molina, Piñeiro (1), García (2), Jorajuria (1), Tatarintsev (1), Domenech (1).
MARKAGAILUA: 2-2, 3-5, 5-7, 7-11, 10-13, 15-15 (atsedenaldia);  16-17, 17-20, 18-22, 20-23, 22-27, 24-29.

Azken jardunaldietako partida onenetarikoa ere ez zaio aski izan Bidasoari. Europara sailkatzeko lehian dago Ademar, eta ezin zuen azken sailkatuaren etxean huts egitea onartu. Intentsitate handiarekin jokatuta, bi puntuak eskuratu ahal izan ditu Artalekun. Hala ere, uste baino gehiago sufritu behar izan du, gogor estutu baitu Irungo taldeak. Bidasoak ez du saririk izan, baina emandako itxurarekin konforme egon daiteke.

Partida txukuna osatu du Bidasoak, lesioen ondorioz hutsune garrantzitsuak izan dituen arren. Álvarezek, Caverok, F.Rincónek eta Susperregik ezin izan dute parte hartu. Lehenengo lerroa indartzeko Koldo Jauregi deitu du Fernando Boleak aspaldiko partez, eta nabarmentzeko moduko lana egin du lateralak. Jaitsiera onartuta, azken jardualdietan jokalari gazteei jokatzeko aukera emateko aprobetxatu dezake entrenatzaileak. Jauregiz gain, Mikel Mindegia atezaina ere izan da gaur kantxan.

Neurketako lehen erasoan, Källmanek sarera bidali du baloia. Suediarrak berak sartu du hirunakoa. Ordura arte irundarrak sendo aritu dira, defentsan batez ere. Berdinketa horren ondoren, Crowleyk eta Ugartek esklusioak jasan dituzte segidan, eta hiru goleko abantaila lortzeko baliatu du Ademarrek, hamargarren minutua pasata (3-6). Alde eroso horrekin jokatu dute leondarrek, azken txanpan Bidasoak erreakzio eraginkorra izan duen arte. Aranbururen bi kontraerasori, eta Vidalen azken golari esker, markagailua berdintzea lortu dute irundarrek (15-15).

Aldunateren lesioa eta gainbehera
Bigarren zatiaren hasiera bi taldeen okerren segida izan da. Lau minutu bete dira inork golik sartu gabe. Azkenean Castrok lortu du hamaseigarrena leondarrentzat. Segidan, Victor Aldunatek kolpe handia jaso du, eta pista utzi behar izan du denbora luzez.  Pieza garrantzitsua galdu du Bidasoak defentsan, eta hurrengo minutuetan nabaritu egin du. 41.minuturako 17-21 irabazten ari zen Ademar. Boleak hutsartea eskatu behar izan du, partida apurtu zitekeela ikusita.

Rincónek gola sartu du hutsartearen ondoren, eta itxaropena berreskuratu du Bidasoak. Baina hiru-lau goleko abantailarekin eroso aritu da berriro Ademar. Azken hamar minutuetan sartuta, bostera zabaldu du aldea Carrillok, kanpokoen garaipena bideratuz. Etsi gabe, irundarrek lehian jarraitu dute, hogeita hamargarren minutua iritsi den arte. Partida ona eginagatik ere, beste jardunaldi bat bete du Bidasoak punturik lortu gabe. Jaitsiera matematikoa denbora kontua izango da.

Koldo Jauregi Gijónen kontrako partidan (golaverage.com)

No hay comentarios:

Publicar un comentario