Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/05/24

Agurren arratsaldea izango da bihar Artalekun

Anaitasuna hartuko du Bidasoa-Irunek azken jardunaldian

ESKUBALOIA
2013-2014 denboraldiko azken partida jokatuko du bihar Bidasoa-Irunek, Artalekun (Igandea, 17:00etan). Momentuz behintzat, Asobal Liga agurtuko dute Irungo taldeak, eta zale horiek. Asobaleko euskal derbia izango da gainera biharkoa. Iruñeko Helvetia Anaitasuna hartuko du Bidasoak. Irundarrek aspaldi galdu zuten maila, eta nafarrek ere ez dauakate ezer jokoan. Sarrera doakoa izango dela erabaki du klubak, denboraldi amaierako festa modukoa antolatzeko asmoz. Hala ere, Fernando Bolearen taldea agurra borobiltzen ahaleginduko da, Anaitasunari partida irabazita.

Anaitasunaren aulkian Aitor Etxaburu bidasoar ohia egongo da, azkeneko aldiz. Bere agurra ere izango da Artalekuko partida. Antzeko zerbait gertatuko da irundarren aldean. Victor “Tato” Aldunate nafarrak Bidasoa utziko duela jakinarazi du, eta bere azken partida jokatuko du bihar. Bere talde ohia den Anaitasuna izango du, gainera, aurrean. Lau urte egin ditu Zangotzako piboteak Irunen. Bere lehenengo denboraldian amildegiaren ertzean izan zen Bidasoa, desagertzetik hurbil. Eta aurten Asobal Ligan jokatzea lortu du Irungo taldearekin. Zikloa bukatutzat eman du horrela Aldunatek.

Nafarrarena ez da agur bakarra izango. Agustin Vidal argentinarrak ere ez du Bidasoa-Irunen jarraituko, gaur bertan sare sozialen bidez jakinarazi duenaren arabera. Gainontzeko jokalarien inguruan momentuz ez da berririk iritsi, Jon Azkueren kontratu luzatzeaz gain. Baina litekeena da zaleek azkeneko aldiz ikustea jokalarietako batzuk. Nahi duenak telebistaren bidez jarraitu ahal izango du partida. Azpimarratzekoa da denboraldi osoan lehen aldiz hurbilduko direla Teledeporteko kamerak Irungo kiroldegira. Baina sarrera doakoa izanda, goi mailako eskubaloiaz gozatzeko, eta jokalariei egindako ahalegina aitortzeko aukera aproposa izango dute zaleek. Bolearen jokalariek jasotako babesa eskertu, eta zaleak garaipenarekin agurtzea izango dute helburu.

Kiroletik

No hay comentarios:

Publicar un comentario