Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/05/05

2.B Mailan jarraituko du Real Unionek

Jokalariek eta zaleek bat egin zuten atzo Stadium Galen

FUTBOLA
REAL UNION 2-0 FUENLABRADA
REAL UNION: Otermin, Piette, Azkoiti, Valín, Seguin (Sagastibeltza, 82’), Rodellar, Yeray, Hugo (Juan Domínguez, 76’), Eneko Romo (Abaroa, 70’), Oscar Vega, Goikoetxea.
FUENLABRADA: Vasilio, Paya, Ruben, Alcañiz, Aguilar, Omar (Aguza, 60’), Carlitos, Guti (López, 82’), Pachón, Borja (Cala, 75’), Molino.
GOLAK: 1-0: Goikoetxea, 66’. 2-0: Abaroa, 90’.
EPAILEA: Jaime Ruiz Alvarez (Asturias).

Maila mantentzea ospatu zuen atzo Real Unionek Stadium Galen. Gutxieneko helburua izan zitekeen udan, baina denboraldiak aspaldi hartu zuen norbaidea kontuan hartuta, lasaitu handia hartu zuten txuribeltzek. Kostata, jaitsieraren hondamendia ekidin zuen taldeak. Garaipen landuarekin egin zuen gainera. Atlético de Madrid Bren porrotaren ondoren, Fuenlabradari irabazita helburua betetzeko aukera zeukan talde irundarrak. Play off-eko partidaren osagaiak zituen atzoko hitzorduak. Zaleen erantzuna ere tamaina horretakoa izan zen. Aspaldian ez bezala bete ziren Stadium Galeko harmailak, eta giro handia izan zen neurketa osoan zehar. Momentu zailetan ere erantzuteko gai direla erakutsi zuten atzo Unioneko zaleek.

Berdegunean lasai samar hasi zen partida. Fuenlabradak igoera faserako sailkatzea zeukan jokoan, eta ez zuen arriskatu nahi izan. Tentsioa eta presioa nabaritu ziren hasieratik, joko ikusgarria alboratuta gelditu zelarik. Lehia estua izan zuten taldeek lehenengo zatian zehar. Atea hutsean mantentzea izan zen bien lehentasuna. Hala ere, Union izan zen aurkariaren atera gehien hurbildu zena. 9.minutuan kontraeraso bizkorra egin zuten txuribeltzek, baina Hugok ez zuen borobiltzen asmatu. 21.ean Yerayk gaizki errematatu zuen Vegaren erdiratzea. Eta 39.ean Seguinen jaurtiketa atezainak hartu zuen. Fuenlabradak bi aukera oso argi izan zituen. Ordu laurdena pasata, pase batek Oterminen aurrean utzi zuen Carlitos, baina atezaina nagusitu zitzaion. Beranduago, Alcañizek burukada gogorra eman zion baloiari. Atearen gainetik pasa zen gutxigatik.

Behin eta berriro saiatzearen emaitza
Bigarren zatian, iparra galdu gabe, abaguneak sortzen saiatzen jarraitu zuen Sergio Franciscoren taldeak. Baloiaren jabetza eskuratu zuten txuribeltzek, eta hegaletatik arriskua sortzen hasi ziren. Madrildarrek atea defendatzea eta kontraerasoan ateratzea izan zuten helburu. 52.minutuan aukera ona izan zuen Unionek. Romok eskuin aldera zabaldu zuen baloia intentzio onarekin, baina luze joan zitzaion pasea eta Hugok ezin izan zuen atezaina baino lehenago iritsi. 65.ean, Stadium Galek eztanda egin zuen Goikoetxearen golarekin. Eskuin aldetik ateratako korner batean izan zen, eta debarrak buruz bidali zuen baloia sarera. Pozez ospatu zuten gola txuribeltzek, baina denbora luzea zegoen aurretik. Lau minutu beranduago, Carlitosek jaurtiketa arriskutsua  egin zuen zutoinaren albora. Eta zutoinean jo zuen Juan Domínguezen lehen saiakerak ere, donostiarra zelaira irten bezain pronto.

Fuenlabradak aurrera pausoa eman behar izan zuen, eta kontraerasoan Real Unionek bigarren gola sartu eta partida erabaki zuen. Juan Domínguezek jokaldi ikusgarria egin zuen ezker hegaletik. Arean sartu zenean, atzera egin zuen pasea, eta Abaroak ate barrura bidali zuen baloia. Bigarren golarekin maila manentzea bermatu zuen Real Unionek. Ondoren ospakizunetarako tartea izan zen Stadium Galen. Balorazioak egiteko eta hausnartzeko denbora egongo da hemendik aurrera.  Real Unionen etorkizuneko proiektu bideragarria eraiki beharko du zuzendaritzak. Baina momentuz, jokalariek eta teknikoek haien lana egin dute. Zailtasun handiak izan dituzte aurten bidean, baina gutxienekoak betetzea lortu dute. 


LABURPENA:

Irudiak: TxingudiOnline

No hay comentarios:

Publicar un comentario