Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/04/27

Maila eman du Bidasoak Guadalajaran

Gol bakarrak erabaki du partida etxekoen alde

ESKUBALOIA
BM GUADALAJARA 31-30 BIDASOA-IRUN
GUADALAJARA: Moyano, Almeida, Parra (4), Reig (3), Pozzer (5), Muiña (5), Víctor Vigo (1), Bozalongo , Kike Plaza (6, 2p), Jorge Silva (2), Valadao (4), Diego Oliva (1).
BIDASOA-IRUN: Zubiria, Otegi, Ugarte (5), Crowley (3, 1p), Díaz de Cerio (4), Aldunate, Cavero, Aranburu (3), Källman (7), Mujika (1), Vidal (3), Azkue (4).
MARKAGAILUA: 2-2, 5-5, 6-7, 9-9, 12-12, 14-14 (atsedenaldia). 18-16, 22-18, 25-23, 25-26, 28-28, 31-30.
EPAILEA: Jesús Escudero eta Jorge Escudero.

Punturik gabe, baina burua tente itzuli da Bidasoa-Irun Guadalajaratik. Maila galdu duen arren, lehiatzen jarraitu nahi du Fernando Bolearen taldeak, eta argi utzi du lehenengo aukeran. Larri ibili zen atzo Guadalajara irundarrak menderatzeko. Azken segundoetan eta zazpi metrotako  marratik erabaki zuen partida. Ordura arte, norgehiagoka estua izan zen David Santamaria kiroldegian jokatutakoa. Etxekoak indartsu irten ziren arren, oreka ezarri zuen Bidasoak 10. minutuan. Ondoren, 0-3ko partziala osatu eta 6-8ko abantaila lortu zuen Fernando Bolearen taldeak. Bigarren ordu laurdenean horiek ez zuten aldea mantentzea lortu, eta 14-14ko markagailuarekin iritsi zen atsedenaldia. Orokorrean, bi taldeen erasoko lana nagusitu zen.

Bigarren zatian behin baino gehiagotan lortu zuen Guadalajarak markagailuan aldentzea. Baina Bidasoak ez zuen amorerik eman. Lau goleko abantaila eskuratu zuten etxekoek  40.minuturako, Källmanen eta Caveroren esklusioen eraginez batez ere. Hurrengo minutuetan maila handia eman zuten irundarrek. Erasoan eraginkor aritu ziren, eta Urtzi Otegi fin ibili zen atean. Hamar minutu falta zirela, markagailua irauli egin zuen Bidasoak (25-26). Guadalajarak bi goleko aldea zabaldu zuen berriro, baina berdintzea lortu zuen beste behin Bolearen taldeak. Azken minutuan, zazpi metrotako marratik erabaki zuen neurketa Plazak, Guadalajararen alde. Bidasoarentzat porrotak ez du ondoriorik izango, sailkapenean azken postua ziurtatua daukalako. Guadalajaran emandako itxura ona izan zen, eta horrekin konformatzea besterik ez dauka talde irundarrak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario