REAL UNION CLUB 1-0 R.S. GIMNÁSTICA TORRELAVEGA
REAL UNION: Villanueva, Gabarain, Andriu, Toño Vázquez,
Kijera, Moscardó, Albistegi, Colinas, Juan Domínguez (Angulo, 71’), Chupe
(Chuchi, 84’) eta Lambarri.
Penaltiz sarutako gol bakarrak
garaipena eman dio gaur Real Unioni. Txuribeltzak nagusi izan dira, gol aukera
garbiak izan dituzte eta abantaila handiago bat merezi izan dute. Baina beste
behin, punteria falta handia izan dute.
Hala ere, 1 eta 0ekoa nahikoa izan da hiru puntuak eskuratu eta sailkapeneko
aurkariekiko distantzia murrizteko.
Arratsaldeko
euri zaparradarengatik, partida fisikoa eta motela espero zitekeen, baina Real
Unionek abiadura bizia erakutsi du hasieratik. Txuribeltzak baloiaren jabe egin
dira eta hamargarren minuturako hiru gol aukera argi izan dituzte. Partidako
ordu laurdena beteta, erritmoa lasaitu eta zelai erdiko jokoa nagusitu da.
Irundarrek erasoan jarraitu dute tarteka, eta Colinasek markagailua
estreinatzeko bi aukera izan ditu. Lehenengo zatiaren bukaera aldera, Toñok
irrist egin du eta aurrelari kantabriarra bakarrik gelditu da Villanuevaren
aurrean. Jaurtiketa ona egin du, baina atezain bizkaitarrak gelditzea lortu du.
Hurrengo jokaldian, lehenengo zatiko azken minutuan, Javi zentralak Kijeraren
pasea eskuarekin moztu du eta epaileak ez du zalantzarik izan. Penaltia
adierazi du. Juan Domínguezek baloia sarera bidali du, atsedenaldiaren aurretik
1 eta 0ekoa jarriz.
Bigarren
zatiaren hasieran Real Unionek ez du lehenengoko erraztasunik aurkitu. Baina
58. minutuan abantaila emango zion txartel gorria erakutsi dio epaileak
Mariori, Lambarriri area ertzean falta egiteagatik. Jarraian Juan Domínguezek
bigarren gola sartu du, baina marrazainak baliogabetzea erabaki du, donostiarrak
jaurtiketa egin duenean kanporatutako jokalaria oraindik berdegunean
zegolelako. Hortik aurrera txuribeltzak lasaitasunaren golaren bila aritu dira
eta abaguneak izan dituzten arren, ez dute bigarrena lortu. Angulok hiru aldiz
izan du aukera, baina errematea kanpora joan zaio denetan. Azken
minutuetan sufritu behar izan du Unionek,
eta korner batetan markagailua berdintzeko zorian izan da Gimnástica. Azkenean
hiru puntuak Irunen gelditu dira, eta laugarren postutik bira hurbildu da Real
Union. Lau partida irabazi ditu jarraian Galen eta azken bederatzi puntuetatik
zazpi lortu ditu. Momentu onean dago Idiakezen taldea, eta indarrez ekingo dio
ligako lehenengo itzuliko azken txanpari.
Bi gol sartu ditu Juanek, baina bakarra igo da markagailura.

No hay comentarios:
Publicar un comentario