Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/05/26

Bukaera desatsegina izan du denboraldiak Bidasoarentzat

Anaitasunaren aurka galdu dute irundarrek azken jardunaldian

ESKUBALOIA
BIDASOA-IRUN 23-29 HELVETIA ANAITASUNA
BIDASOA-IRUN: Zubiria, Ugarte (2), Crowley (4), Díaz de Cerio (1), Aldunate (5), Källman, Vidal (1). Otegi, Cavero (1), Iriarte (1), Rincón (1), Aranburu (3), Mujika, Azkue (4), Álvarez.
HELVETIA ANAITASUNA: Sánchez, Bazán (1), Meoki (2), Nadoveza (4), Borragán (5), Chocarro (3), Gastón. Martínez (2), Etxeberria (4), Montavez (3), Santana, Iker Antonio (4), Goñi (1)
MARKAGAILUA: 1-4, 4-6, 5-9, 7-11, 9-12, 11-13 (atsedenaldia); 13-15, 16-18, 17-20, 18-22, 19-26, 23-29.

2013/2014 denboraldia agurtu zuen atzo Bidasoa-Irunek Artaleku kiroldegian. Ilusioz beterik abiatu zen talde irundarra Asobal Ligara bueltan, baina gogorra eta luzea izan da sasoia azkenean. Lehiakortasuna, kemena eta kasta erakutsi dituen arren, maila mantentzetik urrun gelditu da Bidasoa. Pisu handiagoa izan du esperientzia faltak, freskotasunak eta ilusioak baino. Hala ere, zale irundarrek txaloka agurtu zuten atzo taldea, egindako ahalegina eskertuz. Beste hainbeste egin zuten jokalariek, babes handia izan baitute denboraldian zehar Artalekun.

Hogeita laugarren porrota jaso zuen Bidasoak Asobal Ligako azken jardunaldian. Derbi lasaia izan zen Anaitasunaren kontrakoa.  Ez zegoen ezer jokoan, eta tentsio falta nabaritu zen Artalekuko pistan. Testuinguru horretan, talde sendoagoa dela erakutsi zuen Anaitasunak. Hasieratik hartu zuten abantaila nafarrek, eta ia bost minutu behar izan zituen Bidasoak lehen gola sartzeko (1-4). Etxekoen defentsa ahularen aurrean, zailtasun handirik ez zuen aurkitu Anaitasunak. Otegi Zubiriaren ordez sartu zenean, segurtasuna lortu zuen Bidasoak atean. Azken minutuetan, 9-13tik 11-13ra pasa ziren etxekoak. Minutu erdiko erasoa ere izan zuten hamabigarrena sartzeko, baina ezin izan zuten erreakzioa borobildu.

Lehian sartuta jarraitu zuen Bidasoak bigarren zatiko 10.minutura bitarte. Ander Iriarte kantxara bueltatu zen zazpi hilabeteko lesio larriaren ondoren. Eduki zuen bigarren aukeran, sarera bidali zuen baloia eibartarrak. Ondoren, Jon Azkueren indar erakustaldiarekin gol bakarrera murriztu zuen aldea Bidasoak. Ez behin, baita hiru aldiz ere. Baina berdinketa ez zen iritsi, eta Anaitasunak berriro hiru goleko abantaila hartu zuenean, hutsartea eskatu zuen Fernando Boleak. Entrenatzaileak ez zuen egoera zuzentzea lortu, eta nafarrak nagusi izan ziren etenalditik aurrera. 20.minutuan, neurketa erabaki zuen Nadovezak 18-23koarekin.  Bost-sei goleko abantailarekin eroso jokatu zuen Anaitasunak bukaerara bitarte.

Artaleku berpiztu du denboraldi honetan Bidasoa-Irunek (CD Bidasoa).

No hay comentarios:

Publicar un comentario