Blog goiburua photo goiburua3_zps231ad6dd.jpg
azalaeskubaloiafutbolaarraunaerrugbiamahaitenisasaskibaloiabesteakemaitzakirratiaHTML Map

2014/05/02

Aimar Sagastibeltza: “Maila mantentzen ez badugu, kalte ikaragarria egingo diogu klubari”

Argazkia: Fernando Lozano


FUTBOLA
Entrenamendua bukatzeko, partidatxoa jokatzen ari dira Real Unioneko jokalariak Irungo Stadium Gal futbol zelaian. Intentsitatea handia da, nabari da neurketa garrantzitsua daukatela igandean. Ezker lateralean Aimar Sagastibeltza dabil, hegalean gora eta behera. Ia bost hilabete egin ditu leitzarrak ligan lehiatu gabe. Hautsitako ukondoa babestuta darama oraindik. Luze egin zaio denbora. Baina jokatzeko prest dago orain. Irribarrez egin du aldagelarako bidea.

Denboraldi gogorra izan da aurtengoa. Zelaian baino ordu gehiago pasa ditut gimnasioan, edo fisioarekin errehabilitazioan.

Irungo Luis Mariano pasealekuko terraza batean eserita dago orain Sagastibeltza. Eguzkitakoaren babesean, lasai ederrean. Ur botilatxoa eta grabagailua ditu aurrean.

Askoz gehiago sufritzen da futbol zelaitik kanpo. Ikusten duzu emaitzak ez direla iristen, eta taldea ez dabilela ondo. Baina ezin duzu lagundu, eta horrek frustrazio ikaragarria sortzen du. Futbolaren alderik okerrena da lesioena.

Aurrekaririk gabeko esperientzia gogorra izan da aurtengoa Aimar Sagastibeltzarentzat. Baina, eskarmenturik ez zaio falta futbolaren munduan. 2.B mailan ari den arren, behe-behetik, Erregional Preferentetik hasitako jokalaria da. Hirugarren Mailan urteak eman ditu, eta Bigarren Mailan jokatzeko aukera ere izan du. Berandu hasi zen, hala ere, futbolean.

Kirol tradizio handiko herria da Leitza. Bereziki herri kirol zalea da, eta pilota zalea. Baina niri futbola gustatzen zitzaidan. Hamabost urterekin Tolosan hasi nintzen (Leitzatik 21km-ra), eta zazpi urte eman nituen han, kadetetan hasi eta Hirugarren Mailara bitarte.

Pilotan ere ariko zinen Leitzako plazan.

Pilotan txikitatik, herriko plazan, eta frontoian ere bai, Pilota Eskolan. Gaizki dago nik esatea, baina nahiko ongi moldatzen nintzen. Proportzioan, futbolean baino hobe agian.

1984ko kintakoa da Aimar Sagastibeltza. Leitzan, kirolarekin lotura estua dauka urte horrek. Eskolan, Inaxio Perurena harrijasotzailea, Mikel Nieve txirrindularia eta Oinatz Bengoetxea pilotaria izan zituen kide. Azken honekin frontoian hamarnaka partida jokatutakoa da.

Lehengusu txikia da Oinatz, bere amona eta nire aitona anai arrebak dira. Bost-sei urte genituenetik ibili ginen elkarrekin Pilota Eskolan. Oinatz oso ona zen, eta trofeo pila bat irabazi nituen berari esker.

Iñaki Perurena, Mieltxo Saralegi edo Abel Barriola gehituta, deigarria da Leitzak eman duen goi mailako kirolarien kopurua. 3.000 biztanle ere ez ditu Nafarroako mendialdeko herriak.

Jende askok galdetzen du zein den arrazoia, eta zaila da esatea. Kirol zaletasun handia dago, haurrek txikitatik nahi izaten dute kirolen bat praktikatu. Lehen pilotari izan nahi zuten gehienek, baina orain, Mikel Nieve bezalako erreferenteak edukita, beste kirol batzuk ere aukeratzen dituzte. Nik uste hori dela arrazoi nagusia, erreferentzia handiak izan ditugula aspalditik.

                                   “Estaldurarik gabeko tokietan lasai ederrean                  arrantzatzea da nire afizio handienetako bat”            

Leitzan sortua, mendizalea izango zara.

Hondartza eta itsasoa gustatzen zaizkit, baina ni mendirik gabe larri ibiliko nintzateke. Euskaldun on bezala, mendizale ikaragarria naiz. Ehizan, onddotan, eta arrantzan bereziki. Erreka ttikietan ibiltzen naiz, mendiko txoko galduetan. Estaldurarik gabeko tokietan lasai ederrean arrantzatzea da nire afizio handienetako bat.

Gustura hitz egiten du Aimar Sagastibeltzak bere herriaz, bertako jendeaz eta inguruko mendi, erreka eta basoez. Leitzan bizi da gaur egun. Baina gaztaroko zati handi bat eman du bertatik urrun. Futbolak Kataluniara eraman zuen lehenengo, eta Aragoi aldera ondoren.

Tolosatik Beasainera joan nintzen. Urte ona egin eta 2.B mailara igotzeko fasea jokatu genuen, Reusen kontra. Partida haren ondoren, Tarragonako Nastic taldetik deitu zidaten, filialean jokatzeko. Hasieran ez zitzaidan burutik pasa ere egin, baina udak aurrera egin ahala, arriskatzea erabaki nuen. Urte batez probatzeko asmoz joan nintzen.

Baina Tarragonan gelditu zinen.

Lehenengo urtea ona izan zen, eta bigarrenean Nasticen lehenengo taldera igotzeko aukera eman zidaten. Bigarren Mailan zegoen orduan, eta ez nuen gehiegi jokatu. Asko ikasi nuen, hala ere. Hurrengo denboraldian Teruelera joan nintzen utzita, eta hiru urte egin nituen han.

Terueletik Eibarrera. Eskertu zenuen etxera bueltatzea?

Ez pentsa. Hasieran, Tarragonan nengoenean, herrimin handia sentitzen nuen. Baina Teruelen nire urterik onenak pasa nituen, arlo pertsonalean eta profesionalean. Bietan. Hirugarren denboraldia bikaina izan zen, eta talde ezberdinen deiak jaso nituen. Denetatik Eibar iruditu zitzaidan aukerarik onena, eta horregatik etorri nintzen. Ilusio guztiarekin, noski.

2012/2013 denboraldia borobila izan zen Eibar taldearentzat. Athletic Errege Kopatik kanpo uzteaz gain, Bigarren Mailara igotzea lortu zuen. Sagastibeltzak, ordea, hamahiru partida ofizial besterik ez zituen jokatu. Ez zuen Bigarren Mailako arantza kentzeko aukerarik izan, eta Irungo Real Union taldearekin sinatu zuen kontratua udan.

Denboraldi hasiera polita egin genuen. Nik uste inork ez zuela pentsatzen goian egoteko gai izango ginenik. Pixkanaka zaleak engantxatu genituen, prentsa eta gu geu ere ilusionatzen hasi ginen. Baina denborarekin gauzak okertu egin ziren.

Kirol emaitzak bakarrik ez. Real Unionek krisi ekonomiko eta instituzional gogorra bizi du, eta jokalariek ondorioak pairatu dituzte. Sei hilabete eman dituzte soldata jaso gabe. Klubeko langileen egoera okerragoa da. Hamasei hilabeteko atzerapena daramate. Bitartean lanean jarraitzen dute, baldintza kaskarretan hala ere. Agerraldiak eta protestak ohiko bilakatu dira. Zuzendaritzarekiko desadostasunen ondorioz, zale askok bizkarra eman diote taldeari.

                                               “Lehenengo postuak urrun gelditu       zitzaizkigunean, gehiegi erlaxatu ginen”

Argi dago denak daukala eragina. Baina niri ez zait iruditzen jokalariek hori aitzakia modura erabil dezakegunik. Uste dut gu garela kulpable. Behin lehenengo postuak urrun gelditu zitzaizkigunean, gehiegi erlaxatu ginen. Oso puntu gutxi atera ditugu beheko taldeen kontra adibidez. Eta konturatu garenerako, jaitsieraren arriskua gainean geneukan. Alde horretatik kritika handi bat merezi dugu jokalari guztiek.

Hala ere, soldata jaso gabe lan egitea gogorra izango zen.

Hala izan da. Baina behintzat ekainean jasotzea bermatuta geneukan, eta horrek lasaitasuna eman digu. Nik joan den urtean hainbat sari jaso nituen Eibarren, eta egoera ekonomiko egonkorra izan dut. Baina egia esan, taldekide batzuek estuasun handiak izan dituzte, eta oso gaizki pasa dute. Zorionez gure arazoa konpondu egin da, baina larriena langileen egoera da.

Kirol elkarteen arazo ekonomikoak ohiko bilakatu dira krisi orokorraren testuinguruan. Futboleko 2.B maila adibide esanguratsua da. Champios Leagueko izarretatik eta ikuskizunetik urrun, Real Unionen moduko talde historikoak gogotik sufritzen ari dira. Desagertzearen arriskua handia da askorentzat.

“Espekulazio aluak okertu du egoera”

Kluben gestio txarrak izan dira egoeraren errudun. Urte oso onak egon dira ekonomikoki estatu osoan. Diru asko mugitzen zen, eta klubek ere erraztasun handia zeukaten dirua lortu eta nahi bezala erabiltzeko. Soldata ikaragarri altuak zeuden adibidez. Baina, iturriak moztu ziren momentuan, ez zuten jakin egokitzen. Hamar euro eduki eta hamahiru gastatzen ziren. Espekulazio aluak okertu du egoera.

Nola ikusten duzu Real Unionen etorkizuna?

Hasteko, lehentasun osoa dauka 2.B mailan mantentzeak. Real Union talde historikoa da, hurrengo denboraldian ehun urte beteko ditu eta edonola mantentzea lortu beharra dugu. Momentu zaila pasatzen ari den kluba da, baina badirudi egoera egonkortzeko oinarriak jartzen ari direla. Maila mantentzen ez badugu, ikaragarrizko kaltea egingo digu klubari, eta gure buruari.

Kezkatuta dago Aimar Sagastibeltza. Baina konfiantza osoa dauka taldean. Pozik dago gainera, zelaian laguntzeko aukera daukalako orain. Soldata ez jasotzea baino  okerragoa izan da aurten berarentzat partidak harmailatik ikusi behar izana. Berdegunean hustu egiten den jokalaria da nafarra.  Teknikoki ez da bereziki abila, ezta oso azkarra ere. Baina esfortzuarekin ordezkatzen ditu bere gabeziak. Lana da sekretu bakarra, nabarmendu du Aimar Sagastibeltzak behin baino gehiagotan elkarrizketan zehar. Esaldiak ondo laburtzen du bere izaera. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario