Azken minutuean ihes egin dio
partidak Bolearen taldeari
ESKUBALOIA
BIDASOA IRUN 22-25 FRIGORÍFICOS MORRAZO
BIDASOA IRUN: Zubiria (4), Mujika (4), Aldunate
(1), Ugarte (2), Azkue (8), Vidal (2) eta De Cerio. Urtzi (3), Cavero, D.Rincón
(1), F. Rincón, Aranburu (1), Susperregi (1) eta Jauregi.
FRIGORÍFICOS MORRAZO: Peter (17), Pousada (2), Rubén Soliño
(1), Suso Soliño (2), Eijo (2), Pumar eta Muratovic (2). Mile, (1), Simes (3),
Amarelle (1), Cerqueira (4), Rosales (1) eta Garcia (5).
MARKAGAILUA: 2-3, 3-6, 5-6, 8-8, 9-9, 11-11
(atsedenaldia). 13-13, 15-17, 17-18, 19-21, 20-22.
EPAILEA: García Sánchez eta Rodríguez
Rodríguez.
Sentipen kontrajarriak
nagusitu ziren atzoko partidaren amaieran Artalekun. Puntuak pilatzen hasteko
lehenengo aukera garbia galdu zuen Bidasoa-Irunek. Baina hurbil egon zen, eta
bere mailako taldeen kontra partidak irabazteko ahalmena duela erakutsi zuen
talde irundarrak. Lesioek baldintzatuta ere, norgehiagoka txukuna egin zuten
Fernando Bolearen mutilek. Galiziarren erritmoa mantentzeko gai izan ziren,
azken bost minutuetan nekeak bere agerpena egin zuen arte. Deitutako jokalari
guztiek parte hartu zuten arren, beheraldi fisikoak eragina izan zuen
partidaren azken txanpan.
Hasiera hobea izan zuen
Cangasek. Eraginkor aritu zen erasoan eta hiru goleko aldea lortu zuen
hamargarren minuturako (3-6). Hurrengo bost minutuetan partidari itxura aldatu
zion Bidasoak. Azkueren bi golek eta Mujikaren beste batek, lehenengo
berdinketa jarri zuten markagailuan
(6-6). Irundarren hobekuntza agerikoa zen erasoan, baina defentsan ez zuten
galiziarren gol jarioa etetea lortzen. 26.minutuan lehenengo abantaila jarri
zuen Aranburuk markagailuan (10-9). Hala ere, 0-2ko partzial batekin bere alde
jarri zuen berriro Cangasek. Atsedenaldirako minutu erdi falta zela bi goleko
tartea zabaltzeko erasoa izan zuten galiziarrek, baina Vidalek baloia lapurtu eta
berdinketa lortu zuen kontraerasoan. 11-11koarekin bukatu zen lehenengo zatia.
Bigarrenean ere, joera
berdina izan zen. Aldunatek sartu zuen lehenengoa Bidasoa aurretik jarriaz.
Baina hortik aurrera, abantailak Cangasenak izan ziren. Markagailua berdinduta,
berriro aurretik jartzeko aukera izan zuten etxekoek behin baino
gehiagotan.15-15etik aurrera 0-3ko partziala lortu zuten galiziarrek eta
hutsartea eskatu behar izan zuen Boleak hamargarren minutuan. Entrenatzailearen
hitzek eragina izan zuen eta Ugarteren eta Azkueren golek 17-18koa jarri zuten.
Hurrengo erasoan hemezortzigarrena sartzeko penaltia izan zuen Azkuek, baina atezainak
jaurtiketa gelditu egin zuen. Hortik aurrera, markagailua berdintzeko aukera
bakoitzean huts egin zuten irundarrek. Defentsan gainera, atezainen ekarpena eskasa
izan zen. Zubiria makal aritu zen eta Urtzik ere, ez zuen aldaketa ekarri.
Beheraldia bukaeran
Bost minutu falta zirela
hutsartea eskatu zuen Boleak. 20-22ko markagailuarekin, punturen bat lotzeko
aukera ikusten zuen entrenatzaileak. Hala ere, hortik aurrera jokalarien nekea
agerikoa izan zen. Irundarrak erasoan
trabatu egin ziren eta galiziarren atezaina fin aritu zen gainera. Hiru goleko
aldea jarri zuen berriro Cangasek eta puntuek Galizia alera ihes egin zuten.
Artalekuk ezin izan dio Asobal Ligari nahi bezalako ongi etorria eman. Zaleak
hala ere, pozik irten ziren kiroldegitik. Lan handia egin zuten Bidasoako
jokalariek. Atzokoan ez zen garaipena lortzeko adinakoa izan, baina denboraldia
luzea da eta batek baino gehiagok Artalekun belaunikatu beharko du.
diariovasco.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario