Leganesen jokatuko du talde txuribeltzak lehenengo jardunaldian
FUTBOLA
2013/2014 denboraldiari ekingo dio larunbatean Real
Unionek. Ligako lehenengo partida jokatuko du etxetik kanpo, Leganesen aurka
(Butarque, 20:00). Ekaineko arazo ekonomikoen ondoren, zalantzak nagusi ziren
Stadium Galeko klubaren inguruan, baina udan zehar ilusioak bere tokia
berreskuratu du. Itxuraz, 2.B mailan konfiantzaz lehiatzeko moduko taldea du
Unionek. Itxura aldaketa handia jasan du taldeak. Inguruko jokalariak dira
nagusi, kategorian esperientzia dutenak hala ere. Gutxi dira lehenengo taldean,
baina harrobiko gazteek deialdietan sartzeko prest daudela erakutsi dute. Denen
buruan Sergio Francisco izango da, etxeko entrenatzailea, gaztea, baina
brontzezko futbolean urteak eman dituena.
Maila handiko aurkaria hasteko
Multzo gogorra izango da aurten Unionen bigarrena. Gogorra
bidaien aldetik, baita aurkariei dagokienez ere. Ezazagunak izanagatik,
bereziki Madrilgo taldeek sortzen dute ezinegona. Eta horien artean batek du
sona handiena. Igandean txuribeltzek aurrean izango duten Leganesek hain zuzen
ere. Play off-a jokatu dute txuri-urdinek eta bigarren izan dira azken
denboraldian. Urtero igoera lortzeko borrokan egoten den taldea da.
Aurredenboraldiko lagunartekoen ondoren, benetako proba izango du Unionek
Butarque futbol zelaian. Taldeak aurten eman dezakeen maila ikusteko lehenengo
aukera izango da. Deialdirako Mikel Abaroa eta Samu Piette zalantzan egongo
dira, ez baitira lesioetatik erabat osatu. Iñaki Goikoetxeak aldiz, badaki ez
duela parte hartuko. Orkatila bihurritu zuen asteartean debarrak, eta lehenego
lau jardunaldiak galduko ditu gutxienez.
Balerdi eta Vizcaíno. Erdian Seferovic (realunionclub.com).